XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GARAIKOETXEA, EMAN KONTUAK

GIZONAK ez du bere errurik aitortu ohi.

Politikoak gutxiago.

Garaikoetxeak, are gutxiago.

Jakina, ez da errudun bakarra izango auzi guztietan.

Baina bakar batean ere izpirik ez izatea da harrigarria.

Orain ere, hainbeste abertzale bihotz lasaitu eta poztu zituen gobernua zilipurdikatu da, eta berak zangokakorik eta behaztoporik jarri ez balio bezala mintzo da.

Are gehiago, alderdi abertzale bat bidaltzearen erantzunkizun historikoa Ardantzak du.

EAJk, berriz, larrutik ordainduko du.

Jose Antonio Ardantzak garbi erantzun dio, herri honekin eta EAJrekin hainbeste zor eta eratzunbehar dituenari.

Jakina, bera ez zen sagar liskar-joa izan, ezta alderdi berri baten sortzaile eta buru ere.

Bere lagun leial eta zintzoak bakarrik ez uztearren egin zuen guztia.

Tejero-eneatik ere, aholkulari baten gomendioz aldegin zuen.

Etxera ere pozik itzuliko litzateke utziko baliote.

Bere gustoz eta kabuz ez du ezer eginik, beti besteren zerbitzari eta esaneko izan bait da.

Garaikoetxea ez zen astegun buruzurietarako jaio, jai haundietarako baizik.

Estatutua hitzartu eta gerraondoko lehen Eusko Jaurlaritza martxan jarri behar zirenean, ezteietan ibili zen, noski.

Astean bi ostiral eta ttirriki-ttarraka lan egiteko urteak heldu zitzaizkionean damutu zen.

Izan ere, Ajuria-enea ez zen Etxe Zuria.

Nola izango zen, bada?

Madril, gain-janean, Diputazioak, azpi-janean, eta alderdia, uxarrean.

Tejero alixak ditu erru guztiak.

Golpe sekoa emateko gauza izan balitz, Garaikoetxea, distiradun eta distiratsu ibil zitekeen Europan eta Ameriketan barrena Euskadi aldarrikatzen eta Espainiako larderia madarikatzen, Jose Antonio Agirre berpiztua bailitzan.

Baina Tejerok narraxkeria besterik egin ez zuelako, independentzi-eske hasi zaigu orain, udalez udal, Agirre estatutuaren bila bezala.

Gernikan egin nahi omen du udaletxe guztiekin agerraldia, haundikiro.

Izan ere, Gurutz Ansolak dioen bezala, autodeterminazio-eskubidea ezin zitekeen utzi, Gasteizko Legebiltzarrean estekaturik eta mugiezinik, estatutuaren muga barnean loturik eta hitz-huts bihurturik, PNV-k eta EE-k nahi omen duten bezala.

Jakina, Legebiltzarreko erabakia bezala udaletxeetakoa ere paper-huts bilaka ez dadin, hor dago ikurriña burujabetzaren eta askatasunaren sinboloa udaletan, herriko plazaren erdian altxatua.

Udal asko ez da, oraindik. Udal herri handienak ez dira, oraindik.

Baina, ez da izango iadanik, eman den urratsa ezabatzerik.

Urratu den bidea zabaltzen eta luzatzen joango da, nahiz eta PNV-k eta EE-k independentziaren eskubidea gaitzetsi eta arbuiatu.

Gustora jakingo nuke, noski, alderdi horietako nork independentziaren eskubidea gaitzetsi eta arbuiatu duen, neuk ere neure kontuak atera ditzadan.

Hori egia balitz, are eta uzkurrago, etsiago eta zuhurrago hasiko nintzateke independentzi-eskean, bestela ere, herri hau dagoen egoeran, arinkeria eta burugabekeria iruditzen bait zait.

Herri honek independentzi-eskea moko-mokoan daukanean hasi gintezke udalez udal, elkartez elkarte eta erakundez erakunde independentzi-aldarrikapenetan.

Eguneroko lan egokiaren bidez eraikiko dugu herri hau.

Zenbaitek, ordea, nahiago du kanpaiak jotzen ari.

Mizpira-makila eskuan, nahiago du plazaz plaza ozenki errepikatu: abertzaleok, kolore, iritzi eta mota guztiotako aberkideok.

Alderdi abertzale sozialdemokrata burutzea baino atseginago zaio, nonbait, Garaikoetxeari ere, Telesforo Monzonen lekua betetzea.